Hemerotekari Artikulu Bilduma

Gai ezberdinei buruzko artikuluak

Hotz handia egiten du tributik kanpora

Juan Martin Elexpuru (Idazlea eta aralarkidea) 2007-06-07 Berria lotura

Artikulu hau Barajasko atentatuaren ondotik idatzi nuen. Lagun batzuk ez argitaratzeko aholkatu zidaten, etsigarriegia zelako. Koma bat aldatu gabe doa orain).

Ni ETAkoa banintz eta Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialerako borroka armatua, orain eta hemen, ezinbestekoa dela sinetsiko banu, harro eta lasai egongo nintzateke. Boteretsu sentituko nintzateke. Oso boteretsu, arreta guztia erakartzen, politika guztia baldintzatzen eta Estatuko Gobernua kolokan jartzen dugula ikusita. Pentsatzen jarrita, non geratuko litzateke nire, gure boterea armak baztertuko bagenitu. Amnistia negoziatzen eta eguneroko bizitzan leku bat bilatzen hasi beharko lukeen talde ezdeus bat bihurtuko ginateke.

Ni ETAkoa banintz eta lurraldetasuna eta autodeterminazioa lortzeko armak ezinbestekoak direla pentsatuko banu, ez nuke estrategia aldatzeko motiborik ikusiko. Lizarra-Garaziko su-etena hautsi zenean ere ezker abertzalea zatitu egingo zela eta jendea urrundu egingo zela iragartzen zuten betiko epelek, baina ez da halakorik gertatu. Aralarko traidoreak eta beste banaka batzuk kenduta, gainetikoek beti bezain leial jarraitu dute. Hasieran intelektual batzuk, baita gure zenbait ere, eztenka ibili ziren, Zaramagako eta ez dakit nongo manifestuekin. Gure aurkako adierazpenak eta prentsa artikuluak ere ez ziren gutxi izan, baina Estatuaren errepresioa areagotu zenean laster isildu ziren. Orain ere berdin gertatuko da.

Ezkerreko eta abertzale sentitzen diren idazleak, egunkarietako zuzendari eta kazetariak, unibertsitateko irakasleak, musikariak, bertsolariak…, «intelektualak» hitz batean esanda, gurekin daude gehientsuak. Zenbait, urtean behin edo, su-etenaren edo gure desagerpenaren alde mintzatzen dira, baina gero, gure ekimenak eta plataformak babesteko edo beste edozertarako laguntza eskatzen zaienean, ondo erantzuten dute. Ulertu egin behar dira. Hori bai, norbait petral jartzen bada, Zutabe-n ukitutxo bat ematea aski izaten da kakalarriak jota uzteko.

Oker zebiltzan boto asko galduko genuela pentsatzen zutenak ere. Nahiz eta ilegalizatuak egon eta botoa baliogabea izan, ia lehen adina atera ohi dugu. Azkenekoa izugarria izan zen: sigla komunista ezezagun batzuez aurkeztu eta hala ere hamaika parlamentari lortu. Ezker abertzaleko betikoek gurekin jarraitzen dute eta gazteria nahi beste hurbiltzen zaigu. Egia da, badira gure politikoen artean gu gabe erosoago jardungo luketenak, karrera politiko handiarekin amesten dutenak, suge-liluratzaile bikain bat tartean. Horiei ere utzi egin behar zaie, lan txukuna egiten baitute, baina momentua heltzen denean gogoratu egin behar izaten zaie nork daraman ontzi honen lema.

Ni ETAkoa banintz oso seguru eta babestuta sentituko nintzateke eta ez nuke aldaketarako motibo handirik ikusiko.

Baina ni ez naiz ETAkoa eta pentsatzen dut borroka armatuak, orain eta hemen, kalte besterik ez duela egiten. Errespetagarriak iruditzen zaizkit aukera zail hori egin dutenak (errespetagarriagoak lirateke besteen aukerak errespetatuko balituzte). Ene ustez, borroka armatuak, orain eta hemen, eskuin faxista hauspotzeko balio du bakarrik. Badakit erakunde horretako kideak ezkertiar eta iraultzailetzat dutela beren burua, eta izango dira, nahiz eta niri, beren jokabidea ikusita, integristatik eta fundamentalistatik ere dezente badutela iruditu. Fundamentalismoa ez da Islamaren kontua bakarrik.

Orduan zer egin behar da estatuaren zapalkuntza basatiaren aurrean?, da hurrengo galdera. Ez dakit zer egin behar den, baina badakit zer ez den egin behar. Eta hori da abiapuntua bizitzan nahiz politikan: zer egin behar ez den jakitea.

«Konbentzituko ditugu, pazientzia», esan ohi digute bide politiko soilen alde dagoen ezker abertzaleko jende saiatu bezain egonarri handikoak. Ez. Ez dituzue konbentzituko, oso konbentzituta baitaude. Abangoardia eta lemazain sentitzen dute beren burua; eta bizitza emateko prest daude.

Ruandan bizi den Urrestillako apaiz bati zera entzuten genion behin: «Batzuek diote diru-gosea dela gizonaren grinarik indartsuena. Beste batzuek sexu-gosea. Nik, ikusitakoak ikusita, Boterea dela esango nuke. Zer ez dut ikusi egiten botereagatik». Ekintzaileak bizitza latza eta arriskuz betea du aurrean, baina botere handiaren jabe da. Dena baldintzatzeko eta hankaz gora jartzeko boterea.

«Oinarri egokiak jartzen badira, utziko dute». Zein oinarri? Ez gobernu honek eta ez bestek irekiko du autodeterminazioaren atea armak uztearen truke. Beste borroka eta indar pilaketa batzuen emaitza izango da hori, izatekotan. Aski da Irlandara begiratzea: badira hamar urte armak isildu eta prozesua martxan jarri zela, eta akordioan erabakitzeko eskubideaz hitz egiten den arren, oraindik ez dute lortu ezta autonomia apal bat sendotzea ere. Baina presoak kalean daude eta Sinn Fein eta IRAkoak, oro har, gustura dira egoerarekin. Sinetsita daude helburu politikoak lortzeko oinarriak jartzen ari direla eta denborak euren alde jokatzen duela. Hemen, aldiz, jota ke irabazi arte.

Ez dut ia ezagutzen erakunde armatuarekin eta kale borrokarekin pribatuan kritikoa ez den ezker abertzaleko «intelektualik» edo militante beteranorik. Pentsatzen dutena jendearen agerian esaten dutenak ere gutxi. Eta esatekotan, modu kriptikoan sarriago kritikoan baino. Batzuetan, konprobatu dudanez, ez dago adorerik ezta erakundeak mehatxaturiko adiskide baten alde sinadura emateko ere. Bakoitzak izaten ditu bere arrazoiak. ETAkoak behintzat kontsekuenteak dira.

Orain dela urte batzuk jende batek gainezka egin genuen, eta zuek hortik bazoazte gu hemendik goaz esanez, joan egin ginen. Sekulakoak entzun behar izan genituen, baita gu bezalatsu pentsatzen zutenen aldetik ere. Barrutik egin behar zen lan. Orain beste bidegurutze baten aurrean daude. Zer egingo dute talde politikoa, Batasuna, eurek nahi duten lekutik eramatea lortzen ez badute?

Betikoa ziur asko, hotz handia egiten baitu tributik kanpora.

Advertisements

abendua 16, 2009 - Posted by | Iritzia, Politika | , , ,

Erantzunik ez oraindik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: